Altsasuren anakronia. Izenburu horrekin igorri diote Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohiek eskutiz bat Diario de Noticias egunkariari. Altsasuko auziaren inguruan zenbait hausnarketa egiten dituzte gaur argitarau den iritzi artikulu horretan. Lehendabizi, Algecirasen Guardia Zibil batzuk tartean zirela izandako borrokaldi baten inguruan hitz egiten dute. Egun hartan, liskar horretan, herritarrek harriak eta bestelako objektuak bota zizkieten Guardia Zibil batzuei, eta horren ondorioa 2.000 euroko isuna izan zela gogoan izan dute. Altsasukoen kasuan, bi Guardia Zibil eta haien bikotekideak liskar batean murgilduta izanagatik Altsasuko gazteentzat 76 urteko espetxe zigorra eskatu dute. Alderaketa hori eginaz hasi dute iritzi artikulua Lehendakari ohiek.
Gertatutakoa gogoratzearekin batera, eta kontuan hartuta auzia Auzitegi Nazionalean epaitu dutela (terrorismotzat hartua nahiz eta epaiak hori baztertu duen) eta ez Iruñeko epaitegian, adierazi dute, ETAk duela zazpi urte erabaki zuela armen erabilera uztea eta duela gutxi desegin zela. Joan den apirilaren 13an 'Demokrazia Bai' manifestua sinatu zutela ere gogoan izan dute, demokrazian atzeraka egiten ari garela ohartarazteko eta Euskal Herria "herri eta nazio" gisa aintzat hartuko duen "estatus politiko berria" aldarrikatzeko. 'Demokrazia Bai' izeneko ekimena, arlo ezberdinetako 70 bat pertsona ezagunek babestu dutela.
Larunbatean Iruñean izanen den manifestazioarekin bat egiten dutela esanez amaitu dute iritzi artikulua Ibarretxek eta Garaikoetxeak. Nafarroako Gobernuak, parlamentuak eta Iruñeko udalak egin bezala, Lehendakari ohiek ere atxikimendua eman diote protestari. Azkeneko mezua, Altsasuko gazteei, euren senideei eta gertukoei bidali diete elkartasuna, babesa eta gertutasuna adierazi nahian.