Landa Garapeneko kontseilariari kexaka aritu dira legealdi osoan Gurelur-eko kideak. Isabel Elizalderen kudeaketa kritikatu dute. Guztira 24 kexa aurkeztu dituzte Arartekoan. Gehienetan informazioa ezkutatzen ari delako jarritakoak izan dira. Legea ez dela betetzen ari salatu dute Gurelur taldeko kideak. Izan ere, herritarrek Ingurumen Informazioa jasotzeko eskubidea dutela jaso du Legeak, baina, hori ez dela betetzen ari kritikatu dute.
Administrazioetara behin eta berriz eskatutako informazioa ezkutatzen dietela salatu dute. Eta ez bakarrik Nafarroako Gobernuko departamentuak. Gurelurrek bidalitako ohar batean nabarmendu du gauza bera gertatu dela Iruñeko eta Atarrabiako Udaletan informazio eskaera egin delarik ere. Gurelurrek eskatzen duen informazioarekin ikuskatu egin nahi ditu jarduerak, ez besterik: administrazioak ingurumen kudeaketa nola egiten duen aztertu ohi du.
Informaziorako eskubidea ez dela ziurtatzen ari salatu du Gurelurrek. Gobernua egiten ari den ingurumen kudeaketa nepotista eta manipulatzailea dela nabarmendu du.