Skolae proiektuko lanak erakutsiko dituzte Baluarten

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 12a, 07:43

Pilar Bayo eta Aitor Lakasta.

Baluarten egingo da ostiralean, II. SKOLAE Jardunaldia, ikasturte honetan 16 ikastetxe pilotuk egindako lanak ezagutzera emateko.

Hezkuntza Departamentuak gaur goizean aurkeztu du II. SKOLAE Jardunaldia, ostiral honetan Baluarten egingo dena, SKOLAE 2017-2020 Hezkidetza Planaren lehen urtean 16 ikastetxe pilotuk egindako lana saritzeko eta ezagutzera emateko helburuarekin. Halaber, jardunaldian, “SKOLAE erreferenteak… bidea irekitzen duten emakumeak” proiektua aurkeztuko dute, emakume ezberdinen lana omentzearekin batera. Lehen edizio honetan Uxua Lopez, Amparo Tomé eta Teresa Zabaleguiren lana eta konpromisoa sarituko dira. Horrez gain, SKOLAE Sariak emango zaizkie ikastetxearen hezkidetza identitateari begira egindako lau jardunbide kolektibo egokiri.

2017-2021 Hezkidetza Planean, hezkidetzako ibilbide bat proposatzen da, eskolako etapa guztietarako ikaskuntzako helburu eta edukiekin, berdintasuna lau ikaskuntza eta lau gaitasun nagusiren bitartez jorratzeko: kritika eta erantzukizuna desberdintasunaren aurrean; autonomia, zaintza eta independentzia pertsonala; lidergoa, jabekuntza eta parte-hartze soziala; eta sexualitatea eta tratu onak. Alderdi horiek lantzeko, Hezkidetza Planean eremu bakoitzerako helburu espezifiko ezberdinak ezartzen dira, denentzako zeharkako helburuez gain; hala nola, emakumeak eta haien ekarpenak ikusgai egitea; emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak prebenitzea; identitateak, kulturak, sexualitateak eta dibertsitatea errespetatzen ikastea; berdintasunezko maskulinitate berriak eta jabekuntza hartutako feminitate berriak ikastea; eta ingurunean modu konprometituan parte hartzea, berdintasuna errealitate eginaz.

Skolae erreferenteak

Emakumearen lana eta parte-hartzea ikusgai egiteko helburuaren barnean, Hezkuntza Departamentuak ekimen berri bat jarriko du abian jardunaldietan zehar, hezkidetzaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten emakumeen lana onesteko eta ikastetxeentzat material didaktiko bilakatzeko asmoarekin.

Helburua da, sariaren bitartez, ikasleek hurbileko erreferenteak eta erreferente garaikideak izatea, ezagutu ditzaketen emakumeak, haien lanarekin identifikatu ahal izateagatik eta haiengan islatuta ikusteagatik. Aurten, Uxua Lopez, Amparo Tomé eta Teresa Zabaleguiren lanak sarituko dira. Sariak Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek, banatuko ditu arratsaldeko saioan. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!