Nafarroako eta Espainiako herritarrek monarkia ala errepublika nahi ote duten erabakitzeko erreferenduma behar dutela aldarrikatu du Nafarroako Parlamentuak, Ezkerrak aurkeztutako deklarazioaren lehen puntuak alderdi horren eta Geroa Bairen, EH Bilduren eta Ahal Duguren babesa jaso ostean. Asteazkenean etorriko da Espainiako errege Felipe VI.a Nafarroara, Iruñera zehazki, Baluarten eginen duten Arkitektura eta Gizarte kongresua zabaltzera.
Geroa Bai, harrera egitearen alde
Ezkerraren deklarazioak erregearen bisita arbuiatu nahi izan du, halaber, eta Nafarroako instituzioetako ordezkariak Felipe VI. egonen den ekitaldietan parte ez hartzeko eskatu du. Nolanahi ere, puntu horiek ez dute biderik egin, Geroa Bai oposizioarekin lerratu baita, UPNrekin, PSNrekin eta PPrekin, eta kontrako botoa eman du.
Monarkiari "normaltasun demokratikorik" eman ezin zaiola defendatu du Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak, eta herritarrek monarkia nahi ote duten erebaki ezin izatea "penagarria" dela.