Hiru egunez besta lehertuko da Arrotxapena. Gaur, auzoko jaioberriei zapia banatuko diete, Karbonillan, 18:00etan eta toki berean, ordubete beranduago, dantzaldia izanen da, Ortzadarrekin. Txupinazoa 20:00etan botako dute El Salvador Jubilatuen elkarteak eta ADANOko lehendakariak, eta hiru eguneko giro onari emanen diote hasiera. Makina bat gauza egonen da horiez gain. Jai gunean, kontzertuak: Bourbon Kings, Herdoil eta Sustraja Band.
Larunbatean, haurrentzako puzgarriak eta kaldereteak, eta, gero, besteak beste, Karrikadantza. Gauean, Trikidantz ariko da jai gunean eta beste hainbat kontzertu ikusten ahalko dira auzoko txokoetan.
Igandean, azken egunean, erraldoiak, Arrotxan kantuz eta Los Tarros Zarrapastrosos taldea jai gunean.
Egitaraua osorik ikus daiteke sarean, egunez eguneko informazio xehearekin.