Koktela

Lohizune Amatria Zabalza 2018ko eka. 6a, 14:34

Espaniako segurtasun indarren kontrako koktelen inguruko erreportaje bat irakurtzeko zorte txarra izan dut berriki. Badirudi eskuin muturreko prentsarentzat aldatu egin direla koktelaren osagaiak. Gasolina eta motor olioa nahastu beharrean, ondorengoak sartuko ditugu sanferminetan:

1978. urtea. Uztailaren 8a. Polizia gogorki sartu da Iruñeko zezen plazan. Tiroz zauritutako bederatzi pertsona. Hildako bat Iruñeko kaleetan. German Rodrigez. Inor ez da eseri akusatuen eserlekuan. Ez da egia aitortu. Ez da erreparaziorik gertatu. Non dago justizia?

2016. urtea. Uztailaren 7a. Emakume bat Iruñeko festa gunetik aldendu da. Bost gizon hurbildu zaizkio. Ez du beraiekin harremanik izan nahi. Bortxatu egin dute. 9 urteko espetxe zigorra ezarri zaie. Epaileek ez dute sexu erasorik antzeman. Abusua omen. Emakumeen kontrako indarkeria lausotu du auzitegiak, berriz ere biktima zigortu. Non dago justizia?

2016. urtea. Urriaren 15a. Goizaldea, Altsasuko Koxka taberna. Bi guardia zibil, haien bikotekide eta gazte batzuen artean liskarra sortu da. Terrorismo delitua egotzi nahi zaie gazteei. Epaiketaren zain 565 egun eman dituzte horietatik hiruk kartzelan. Gaur 570 egun darmatzate. Epaia neurrigabea da. 13 urte arteko kartzela zigorra. Aske zeudenak atxilotu dituzte, gainera. Non dago justizia?

Nork jaurti du koktela?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!