Herri olinpiadak, dantzak, haurrentzako emanaldiak, herri kirolak, bertsopoteoa, haurrentzako tailerrak... Leporaino beteta dago, beste urte batez, Herri Sanferminak ekimenak gaur goizean aurkeztutako egitaraua. Jaien hatsa, oihaneko dantza leloa erabiliko dute aurtengoan, Gaizka Azketa Herri Sanferminak ekimeneko kideak azaldu duenez: "Amazonas, hori omen da bizitza posible egiten duen munduaren birika. Eta gure Amazonas propioa, sanferminetan, Herri Sanferminak dira".
Iruñea "merkantzia hiri" bihurtu nahi duten horien aurrean, "salgai" ez dagoela aldarrikatu dute. "Ez kultura, ez lurra, ez hizkuntza, ez etxebizitza... ezta gorputzak ere". Horren aurrean, "autodefentsarako deia" zabaldu dute.
Jai herrikoiak, parte hartzaileak, ekologistak, kulturalak, fmeinistak, anitzak, antikapitalistak eta euskaldunak. Horiek dira Herri Sanferminak ekimenaren baloreak eta aurten ere horietan "sakonduko" dute.
Sukaldea: bertakoa eta goxo-goxo
Uztailaren 7an, 8an, 9an eta 14an hamaiketakoak eskainiko dituzte; egunero, bazkariak eta pizzak, afalorduetan. Dena, "ekologikoa, bertakoa eta goxo-goxoa", Lucia Etxeberria ekimeneko kidearen hitzetan. Bazkari autogestionatuak egiteko materiala ere izanen da. Erreserbak egiteko 657997855 telefono zenbakia eta hsf.erreserbak@gmail.com helbidea prestatu dituzte.
Txandak, bete beharrean
"Auzolana da gure indarra eta, auzolanik gabe, ez da Herri Sanferminik", adierazi du Azketak eta 440 txanda betetzeko jendea behar dela azpimarratu. Betetzeke dauden txandak herrisanferminak.org webgunean ikus daiteke.
Egitaraua
100 ekimen baino gehiago antolatu dituzte. Kontzertuen artean: Koban, Anita Parker, Skabidean, The Guilty Brigade... Hemen ikus daiteke osorik: