Palacio de Aroztegiaren salaketarengatik Baztango hautetsiek epailearen aurrean deklaratuko dute

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 5a, 08:06

Joseba Otondo alkateak eta Garbiñe Elizegi alkatea ohiak 2016ko urrian ere deklaratu behar izan zuten Iruñean.

Ostegunean 10:00etan eginen dute Nafarroako Auzitegi Nagusian eta ordu erdi lehenago elkarretaratzea deitu dute. 

Ez da lehendabiziko aldia Palacio de Aroztegia enpresak Baztango udal hautetsien aurka salaketa jartzen duena, aurrekoetan Garbiñe Elizegi eta Joseba Otondo alkateen aurka judizialki jo izan baitu. Salatutakoen deklarazioa ostegunean goizeko 10:00etatik aurrera hasiko da Iruñean dagoen Nafarroako Auzitegi Nagusian. 9:30ean toki berean elkarretaratzea eginen da Jazarpen judizialik ez. Aroztegia gelditu lemarekin.

Joseba Otondo alkateak salatu duenez "Palacio de Aroztegiak baztandarrak hankapean hartu nahi ditu, Baztango erakundeak suntsitu eta herri-lurrak bereganatu. Eta beraien erranetara ez makurtzeagatik, izutu nahi gaitu. Baina herritarren alde zutik segituko dugu, ez gaituzte menpean hartuko".

Joan den ekainean Elizondoko plazan Aroztegiko proiektu urbanistikoaren kontra egindako 'Komantxeen kanpaldiarengatik', Palacio de Aroztegia enpresak Baztango Udal Gobernuko bost kideren aurka salaketa jarri zuen. Hain zuzen, Joseba Otondo alkatea, Mikel Ortega alkateordea, Maite Iturre, Florentino Goñi eta Iñigo Iturralde zinegotziak salatu zituen eta, orain, ortzegun honetan, Nafarroako Auzitegi Nagusian epailearen aitzinean deklaratu beharko dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!