"UPNren babesari esker" Volkswagenek "diskriminatzen" jarraitzen duela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 1a, 07:49

Argazkia: Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramailea eta Raul Portillo Volwswageneko LABeko delegatua.

UPNk, Espainiako aurrekontuak babestuz, Volkswagenentzat lortu dituen 80 milioi euroekiko kritiko azaldu da sindikatua, eta "erregimena" berriro ezartzeko asmotan dela esan du.

Alderdi popularraren aurrekontuak sostengatu ditu UPNk eta, hala, 80 milioi euroko saila erdietsi du Volkswagenentzat. LAB sindikatua, baina, kritiko azaldu da, Volkswagen Nafarroako eskuinaren eskakizunaren aurrean makurtu dela baiteritzo. Dirua "diskriminatzen duen enpresa batera" joanen dela gaitzetsi du Imanol Karrera Nafarroako LABeko bozeramaileak. 

"Volkswagen Nafarroako eskuinaren eskakizunaren aurrean makurtu da, oxigeno baloia emanez, alderdi erregionalistaren ordurik apalenean", salatu du Karrerak, eta adierazi du enpresak "kontrataze sistema ustela eta iluna" daukala, "betikoek kontrolatuari eusteko" egin ohi dena. Horren adibide, emakumeen presentzia: %13'72 baino ez dira. "Genero bazterkeriaren aurkako politika aktiboei ekitea ukatzen duen enpresa batek nolatan jaso nahi ditu diru laguntza publikoak?", galdera airean utzi dute. Halaber, zuzendaritzaren onespenez, enpresaren hitzarmen kolektiboa "manipulatu" da, LABen hitzetan.

Dirua aurreztu nahian

Bestalde, batez besteko adina 44'58 urtekoa da enpresan, "ez da plantilla zaharkitua". Orain langileak gaztetzen saiatzen ari dira eta, LABen irudikoz, dirua aurrezteko estrategia da hori: "Gaur egun Volkswagenen sartzen diren langileek iraganean Sartzeko Mailakoek kobratzen zutena baino %75 gutxiago kobratzen dutela. Multinazionalaren asmoa eskulan garestia eta osasun txarrekoa deuseztatzea da, eskulan gazteez, osasuntsuez eta oso merkeez ordezkatuz".

Era berean, salatu dute Volskvagenek ez duela “inolako laguntza publikorik behar langileen borondatezko bajei laguntzeko”.

Laguntza nominalei ez

"Laguntza hauek ez daitezke nominalak izan; industria-ehun guztiarentzat izan behar dute, eta hauetan betekizun jakin batzuk bete behar dira haien hautua egiteko", azaldu du LABek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!