Mendillorriko igogailua datozen sanferminetarako funtzionatzen hasiko da. Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek gaur goizean bisitatu dituzte obrak, non Iruñeko Udalak, guztira, 817.440,69 euro inbertitu baititu. Goiko eta beheko sarbideetako zimenduak jarri dira jada, baita hormigoizko harresi guztiak eta dorreko zein zaldaineko egitura metalikoa ere. Orain instalatzen ari dira errailak eta igogailuaren barruko makineria guztia.
Gainera, lanak bisitatzean egiaztatu ahal izan da eginda daudela igogailua auzoaren goiko aldearekin lotzen duten instalazioak eta bideak, nahiz eta ureztatzeko eta lorezaintzako lanak falta diren. Hurrengo astean aurreikusita dago goiko sarbideko baranda eta edikuluko kristala (igogailuaren dorreko kristala) jartzea.
Horrela, azken ukituak emango zaizkio igogailu-dorre exentu moduan diseinatutako igogailuari, zeinera goiko aldean 29 metroko zaldainaren bidez sartzen baita. Goiko alde horretan, Badostaingo errepidean, beirazko markesina bat paratuko da igogailuaren zain egotean edo igogailutik irtetean erabiltzeko. Beheko sarbidean beste markesina bat paratuko da, Badostain Kontzejuaren eta Etxalatz Jaurerriaren kaleen bidegurutzean.
Igogailuaren bidez 18,5 metroko distantzia gaindituko da, eta igogailuak 11 segundo besterik ez ditu beharko desnibel hori gainditzeko. Igogailu panoramiko-elektriko honetan 22 pertsona joan daitezke (1.600 kg). Sartzeko eta irteteko denborak kontuan hartuta, uste da igogailuak orduko 50 bidai inguru egin ahal izango dituela.
Proiektu honen abiapuntua auzoko irisgarritasuna hobetzea da, oztoporik gabeko lotura ahalbidetzeko Mendillorriko beheko aldearen (1. eta 4. faseak) eta goiko aldean kokaturik dauden gainerako faseen artean; izan ere, goiko aldean daude auzoko zerbitzu gehienak. Guillén Obras y Proyectos SL enpresa egiten ari da lanak, horretarako egindako lizitazioaren irabazlea baita.