Hilabete honen hasieran jo zuen bukatutzat ETAk bere ekinbide politikoa. Testuinguru berri honetan aldaketak ikusiko ditugulakoan nago. Baina argi dago oraindik bukatu nahi ez duten asko daudela borroka honetan. Atzo bertan Nafarroako Parlamentuan argi adierazi zuten UPNk, PSNk eta PPNk. ETAren amaieragatik Espainiako Segurtasun Indarrak zoriondu behar direla esan zuten beste behin Javier Esparzak, Maria Chivitek eta Ana Beltranek, aldebakarreko erabakian zerikusirik izan dutelakoan.
Horretan aritu zen zehazki, atzo ere bai, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroa. Twitterren adierazi duen gisan "beti biktimekin, euren memoria, ohorea, egia eta justizia bermatzeko". Baina ez guztiena, noski. Intxaurrondoko kuartelean egin zuten atzo ETAk hildako guardia zibiliak eta senideak omentzeko ekitaldia. Non eta, Intxaurrondon, bai. Eta bertan egin duten lana goraipatuz.
Iritsiko da maila ezberdineko biktimarik egiten ez dugun garairik. Aitorpena. Baina ez jada igaro diren garaietan iltzatuta, horei begira eta aurrera ekinez eginez, aldiz.