ETAren amaieran biktimak, memoria eta espetxe politikaz mintzatu da Barkos

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 30a, 08:06

Uxue Barkos parlamentuko batzordean artxiboko argazki batean.

Nafarroako lehendakariak ETAren biktimen memorian oinarritutako espetxe politika berri baten alde egin du.

UPNren galdera bati erantzunez, Uxue Barkosek berretsi du ETA desegin eta biharamunean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera Bertizen eginiko adierazpenean presoei buruz esandakoak. Presidentzia batzordean, parlamentuan, testua osorik irakurri zuen Nafarroako presidenteak zalantzarik gera ez zedin esandakoaz. ETAren biktimen memorian oinarritutako espetxe politika berri baten alde egin zuen. Azpimarratu zuen bere nahia dela parlamentuko alderdi denek partekatzea "iraganari buruzko hausnarketa kritiko bat", eta hori jakinaraztea Espainiari.

UPNko Javier Esparzari ez zitzaion gustatu Barkosen hitzaldia. Gogor egin zuen haren kontra. Esan zuen ez duela zilegitasunik espetxe politikaz hitz egiteko, euskal nazionalismoa ETAren jardunaz "baliatu" delako "etekin politikoak" lortzeko, eta orain "gauza bera" egin nahi duelako. EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, besteekin batera adostasuna lortzeko borondatea agertu zuen, baina "biktima guztien memoria" aintzat hartuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!