Harrobietarako makineria egiten du Triman Minerals enpresak. Bi lantoki ditu Nafarroan: Altsasun bat eta Iruñean bestea. 35 langile aritzen dira eta otsailetik soldata jaso gabe daude. Egoera larria dela ohartarazi du LAB sindikatuko ordezkari Gaizka Uhartek.
Ez da guztiz berria egoera hori. 2016tik atzerapenarekin jasotzen dituzte soldatak. Gainera, zorra gero eta handiagoa da eta hornitzaileei ere berandu egiten dizkiete ordainketak. Zuzendaritzak ez du bideragarritasunik ikusten enpresan, langileek berriz, uste dute badela aurrera egiteko aukerarik. Sodenari eskatu diote aukera guztiak azter ditzala.
Protesta egin dute langileek gaur Sodenaren egoitzaren parean. Negozia dezan nahi dute eta aukera guztiak azter ditzan. Datozen egunetan ere mobilizazioak eginen dituztela diote.