Nafarroako urrezko dominak euskarazko izena izanen du hemendik aurrera, orain arte gaztelaniazko izendapena baino ez baitzuen ofizialki. Eta ez hori bakarrik. Herritarrek proposatu ahalko dituzte Nafarroako intsignia gorena jasotzeko hautagaiak, Nafarroako Gobernuak atzo onartutako dekretu foral baten ondorioz. Gero, proposatutako horien "balio demokratikoak, ongizate komunarekiko konpromisoa, berdintasun printzipioa eta jarrera eredugarriak" baloratuko ditu Nafarroako Gobernuko departamentu askotariko ordezkariak izanen dituen batzorde batek, eta hala aukeratuko dute saritua. Orain arte, instituzioen esku baino ez zegoen erabakia.
"Parte hartze handiagokoa eta demokratikoagoa" izanen da sariaren esleipena, Nafarroako Exekutiboaren arabera.
Nafarroaren hobebeharrez
Gizartea hobetzeko, balore demokratikoetan sakontzeko eta Nafarroaren nazioarteko proiekzioa sustatzeko lan egin duten pertsona, instituzio, entitate eta kolektiboak balioestea da dominaren helburua
Bestelakoak ere barnebildu ditu akordioak, izan ere, bertan behera geratu daiteke jasotako kondekorazioa, emandakoan indarrean zeuden meritu horien gutxiespena gertatuz gero.