Volkswagenen lan-taldea gaztetzeko beharrezkoa den "bultzada" izanen da Espainiak agindutako dirua

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 23a, 13:28

Alfredo Morales CCOO eta Eugenio Duque UGT.

>Diru publikoa enpresa pribatu batean legalki nola egituratzen ahal den aztertzea da xedea orain eta zehaztea Espainiak agindutako 80 milioi euroak nora eta zertarako bideratuko diren. 
>UPNk PPrekin egindako negoziazioaren emaitza izan da bai, baina "UGT eta CCOO sindikatuek urte asko daramatzate hori lortzeko lanean". 

Volkswagenek lan-taldea gaztetu beharra duelako, aspaldian hasiak ziren lan-hitzarmena berritu nahian negoziaketetan UGT eta Comisiones Obreras. "Meritu guztia ez da UPNrena", esan dute bi sindikatuek. 80 milioi euro bideratuko ditu Espainiak horretarako, atzoko iragarpenaren arabera, baina oraindik zehazki nola, zertarako eta noiz bideratuko den zehaztu gabe dagoela esan du Comisiones Obreraseko Alfredo Moralesek. Enpresa pribatu batentzat diru publikoa bideratzea legalki egingarria ote den galdetuta, uste dute badela horretarako aukerarik. UGTko ordezkaria da Eugenio Duquek esan du aurretik Fatima Bañezekin saiatu zirela nolabait legearen arabera kokatzen halako diru partida, baina, aurreko legealdietan "zurrunagoa" zen legea. Orain, araudiak zenbait erreforma izanda, uste dute posible izanen dela. 

UPNrena ez da meritu guztia izan, baina pozik agertu dira sindikatuak alderdiarekin

"Espainiak agindu duen dirua ez da bakarrik Volkswageneko lantokirako izanen, baizik, Nafarroako industriari bultzada emateko ere balioko du", uste du CCOOko ordezkariak.  Eta, nahiz eta kexu agertu diren UPN eta Espainiako Gobernuaren arteko lorpen gisatzat jo dutelako, era berean, UGT sindikatua pozik azaldu da UPNk egindako lanarekin: "Justiziazkoa da alderdi batek lan batean parte hartu eta lorpenak erdietsita, hori ere aitortzea", esan du Duquek. Eta Comisiones Obrerasek ere uste du edozein alderdi politikok interesa agertuko balu prest legoketela negoziatzera. "Kasu honetan UPNri zor zaio esker ona", esan du. 

Volkswageneko lan-taldea gaztetzea, xede

Atzo iragarritako 80 milioi euroak zehazki zertarako bideratuko diren zehaztea da orain falta dena. Eta, Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzarena da ardura, sindikatuek mahai gainean plantilla berritzeko egindako proposamena aztertu eta bide ematea. 60 urterekin aurre-jubilazioak ahalbidetu eta ateratzen den langile horietako bakoitzeko, beste pertsona gazte bat kontratatzea da planteatutakoa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!