Sei hilabete pasa dira Patxi Zamorari, Nafarroako hainbat ustelkeria kasu argitara atera dituen Kontuz elkarteko eledunari, bat-batean eta inongo arrazoirik eman gabe, Iberia enpresako hegazkin zerbitzari izateko beharrezkoa zuten txartela kendu ziotenetik. Geroztik, administrazioan egin beharreko bide guztiak agortu dituzte: «Inork ez du erantzun; nonbait, inork ez daki ezer. Argi dago inork ez duela erantzukizunik hartu nahi», azaldu du Zamorak, prentsaurreko batean.
Kontuz-eko eledunaren arabera, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne Ministerioak onartu egin dio berak ez duela zigor aurrekaririk, eta hegazkinetan sartzeko baimena kentzea argudiatzea zegokiola Guardia Zibilari. Hala ere, halakorik ez dela gertatu nabarmendu du Zamorak.
Madrilen, lan arloko auzi bat dago, eta urrirako espero da ebazpena, nahiz eta atzeratu daitekeen. Bestalde, Nafarroako Administrazioarekiko auzien epaitegian salaketa jarri dute Barne Ministerioaren aurka, eta beste bat Guardia Zibilaren zein AENAren aurka, bi kasuetan erabakia ez justifikatzeagatik. «Urtebete atzeratu daiteke, baina behin-behinean, txartela itzul diezadatela eskatu dut, eta, Guardia Zibilak nire aurka zerbait badu, argudiatu dezala».
Nafarroako Parlamentuan, laukoak babesa adierazi dio Zamorari, eta adierazpen instituzional bat sinatu. Hala ere, UPNk, PSNk eta PPk kontrako jarrera adierazi dute, eta aipatu dute «kaleratze bat besterik ez» dela Zamorarena.