Oposizio batzuetako gaitegia Nafarroako Aldizkari Ofizialean publiko egin baino egun batzuk lehenago zabaldu zuen Edurne Egino Iruñeko Udaleko Ezkerrako zinegotziak, deskuiduan. Orain, Iruñeko udalaren idazkariak egindako txosten juridikoak esan du "hutsegite arina" izan zela hori, ez baitzuen "berdintasun printzipioa" urratu, izan ere, zortzi egun gehiago izan ditu informazioa aurrez jaso zuen pertsona horrek parte hartze prozesuan instantzia aurkezteko, eta, aintzat hartuta parte hartzaile guztiek 30 egun dauzkatela, "denbora sobran dago barematu beharreko merituak probatzeko".
Filtrazioa dela medioa Eginok izan dezakeen arduraren karietara, "ez dago udalaren barne araudirik gerora publikoki Nafarroako Aldizkari Ofizialean edota kontratazio atarian argitaratuko diren dokumentuei buruz".
Hala, idazkariak ebatzi du filtrazioa "ohartarazpen batekin" zigortua izan daitekeela. Udal batza da zigorra jarri behar duena, baina Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotziarengan eskuordetu dute zigortzeko ahalmena.