Loxin enpresak 60 langileetatik 29 utziko ditu kalean eta ez 40

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 22a, 09:11

Loxineko langileek protesta ugari egin dituzte egunotan.

40 kaleratze aurreikusi zituen hasiera batean Lan Erregulazio Espediente baten bidez. Langileen “borrokari” esker 29 kaleratze izanen dira aurretik adostutako kalte-ordaina bikoiztuta.

Bi heren kalean utzi nahi zituen Loxin enpresak. Halakorik ez da gertatuko azkenean. 60 langile ari dira une hauetan lanean Eskirotzeko lantokian eta horietatik 29ren kaleratzea “adostu” dute. Aurretik adostuak zituzten kalte-ordainak ere hobetuko dizkiete horiei guztiei.

ELA sindikatuak nabarmendu du “lorpena” dela eta langileen “borrokari” esker lortutakoa. Hala, Nafarroako Gobernuari mezua ere helarazi nahi izan diote: “Diru publikoz lagunduta dauden enpresek enplegu suntsiketa ekiditeko neurriak eta baliabideak bideratzeko”.

40 kaleratze jarri zituen Loxin enpresak mahai gainean. Azkenean, 29 izanen dira enpresa utzi beharko dutenak. Horiei, 20 eguneko kalte-ordaina eman ordez, 38 emanen zaizkie. Joan den apirilaren 19an jarri zuen abian Lan Erregulazio Espedientea. Greba mugagabean ziren langileak maiatzaren 10az geroztik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!