Gaur hasiko dira Auzitegi Nazionalean Asier Petrirena, Ruben Iglesias, Endika Etura eta Julen Pardo epaitzen, iazko maiatzaren 11n Iruñean izandako manifestazio baten ostean liskarra izan eta haiei "desordena publiko terrorista" leporatu ostean. Petrirena, Iglesias eta Pardo errenteriarrak dira eta beasaindarra, Prado.
Istiluen egunean atxilotu zituzten lauak eta zortzi hilabete egin dituzte Iruñeko kartzelan. Orain, zazpi urteko espetxe zigor eskaerari, hamahiru urteko gaitasungabetzeari, 45.000 euroko isunari eta bost urteko zaintzapeko askatasunari aurre egin beharko diete. Beren defentsaren arabera, "bidegabekeria" litzateke terrorismo delitua egoztea, ez baitira "inongo erakunde terroristako kide". Gazteen kontrako "froga bakarrak" polizia atestatuak direla esan dute.
Madrilen esku
Hasiera batean, Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen kasuan, baina terrorismo akusazioa zegoenez gero, azkenean Auzitegi Nazionalaren esku geratu da, Nafarroako Probintzia Auzitegiak kontra egin bazuen ere.
Haiez gainera, zazpi adingabe daude auzipetuta, eta Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegian epaituko dituzte.