Laura Perez: "Deserosoa izan naizelako erditik kendu nahi izan naute hasieratik"

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 18a, 13:42

Carlos Couso, Laura Perez eta Ruben Velasco.

Madrildik baino Nafarroatik erabakiak hartzeak edota Podemos-Ahal Dugu sortu zeneko proiektuarekin segitu nahi izateak eragin du idazkari nagusi ohiaren kanporaketa, bere ustez, Parlamentuko lanarekin segituko dute alderdiko kritikoek eta kanpora begira militanteek erabakiko dute euren etorkizuna, 

Deserosoa izan da Laura Perez Podemos-Ahal Duguren baitan 2015ean hauteskundeetan aurkeztu zirenetik. Hala adierazi du gaur. Eta horregatik, urteotan,zuzendaritza saiatu da behin eta berriz alderditik aldentzen, erditik kentzen. Nafarroatik baino, Madrildik gobernatu nahi izan dutenen ahots kritikoa izateagatik izan da deseroso alderdi barruko sektore batean. Urteotan, jazarpen politiko eta pertsonala jasan behar izan dituela.

Podemos-Ahal Dugutik kanporatua dagoen honetan, haren aurka egindako akusazio guztiak faltsuak direla esan du. Banan-banan, batzuk behintzat, Perezentzat larrienak direnak aipatu ditu. Eta faltsuak direla esateko frogak ere aurkeztu ditu. Bere kargua interes pertsonaletarako baliatzea, edota bere jarduera albo batera uztea bestelakoak egiteko, edota hezkuntza batzordean berari ere komeni zitzaion mozio baten alde egitea. Horiek dira akusazioetako batzuk, eta halakorik egin ez duela arrazoitzeko datu ugarirekin eman du agerraldia. Bere aurka egindako akusazio guztiak ez dira bakarrik bere duintasuna kolokan jartzeko izan, alderdi oso bat eta aldaketaren gobernuaren etorkizuna ere zalantzan jartzea eragin dute. Eta hori, zuzendaritzaren ardura dela uste du Perezek.

"Ez dugu proiektu politikoa utzi, bota egin gaituzte", esan du Laura Perezek. Baina, 2015ean sortu zen egitasmoan sinesten segitzen dutelako, euren parlamentuko lanarekin aurrera segituko dute. 2015ean Podemos-Ahal Duguk betetako espazio politikoa hautsi daitekeelako kezkatuta hitz egin du baita Laura Perezek ere. Horregatik, garrantzitsua da militanteen nahia entzutea. Hortaz, Fanny Carrillo, Ruben Velasco, Carlos Couso eta Laura Perezen etorkizuna militanteen esku utzi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!