Herritar guztiek dute nahi dutenarengatik manifestatzeko eskubidea. Hala hasi du Maria Solanak kazetarien galderei erantzun ematen ekainaren 2ko manifestazioa dela-eta. UPNk 80 udalei baino gehiagori eskatu die mozio bidez ordain ditzatela autobusak Iruñera jendea eramateko protestara eta hori "oso morala denik ez du ematen" esan du Solanak. "Euskararen aurkako manifestazio bat da Gobernuaren aurkakoa baino", uste du gobernuaren bozeramaleak. Gaineratu duena da, ez dagoela oinarririk ez eta justifikaziorik ere halako mobilizazio bat egiteko: "Nafarroan inor ez da bazterrean geratu euskara ez jakiteagatik eta Administrazioan sarbidea ez zaio inori ukaru", esan du. "Jar dezatela mahai gainean adibide bakar bat euskara inposatzen dela erakusten duena", amaitu du esanaz.