Nagore Laffageren hilketaz hamar urte beteko direnean, omenaldia egin diote jaioterrian

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 14a, 08:52

Aurreskua dantzatu zioten Asun Casasolari.

Minutu bateko isilunearen ondoren, aurreskua dantzatu diote Asun Casasola amari, eta Nagoreren lagunek testu bat irakurri dute, "familiak justizia egiteko egin duen lana" goraipatuz. Irunen, Laffageren jaioterrian egin diote omenaldia. 

Erretxinduak herri elkarteak Nagore Laffage Casasola omendu du gaur Irungo Zabalgune Plazan, laster bere hilketaren 10. urteurrena izango denean.

2008ko sanferminetan hil zuten neskaren senideek, lagunek eta bizilagunek hartu dute parte omenaldian.

Minutu bateko isilunearen ondoren, aurreskua dantzatu diote Asun Casasola amari, eta Nagoreren lagunek testu bat irakurri dute, "familiak justizia egiteko egin duen lana" goraipatuz: "Justizia egon dadin eta beti gogoan izan zaitzagun, eta ezetz ezetz dela oihukatzeari utz ez diezaiogun".

Erretxinduak elkarteak sinadura-bilketa jarri du abian, Irunen eraikitzen ari diren haur-parke bati Udalak Nagoreren izena jar diezaiola eskatzeko.

Hiltzailea, baldintzapean aske

Nagore Laffage Casasola duela 10 urte hil zuen Jose Diego Yllanesek San Fermin jaietan, sexu-harremanak izatera ukatu zelako. 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 8 urte eta 11 hilabete beteta, baldintzapeko askatasunean da aurtengo martxoaren 7tik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!