ETAren amaieraren ostean espetxe politika aldatzeko inoiz baino behar handiagoa dagoela nabarmendu dute askok. UPNk halakorik ez du nahi. Bere horretan mantendu nahi du urteotan Espainiak hartutako jarrera: ETAko presoak urrunduta jarrai dezatela. Eta hori berretsi du gaur adierazpenetan Javier Esparzak: "2018ko Espainiako aurrekontuak ez ditugu babestuko ETAko presoen gerturatzea negozitatzen bada", esan du.
Uxue Barkosek eta Iñigo Urkulluk adostutako testu baten inguruan mintzatu da UPNren burua: ETAren amaieraren iragarpenean bi gobernuak prest azaldu ziren Espainiakoarekin espetxe politika aldatzeko beharrezko pausoak ematera. Eskatzen ari diren mahai hori ez sortzea eskatu du UPNk, eta horrekin lotu du euren babesa 2018ko Mariano Rajoyren aurrekontuei: "Baldintza argi bat dugu: espetxe politika aztertzeko mahaia eratuz gero ez ditugu aurrekontuak babestuko".