Euskararen "inposizioaren" kontrako karabana antolatu du Nafarroako PPk

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 9a, 13:24

Argazkia: "Euskararen inposizioaren kontrako karabana" aurkezteko eskainitako prentsaurrekoa.

"Gehiengo elebakarraren eskubideak" urratzen ari direlakoan dago Alderdi Popularra. Nafarroako Gobernuak adierazi du ez duela ulertzen zein "inposiziori" buruz ari den.

"Euskararen inposizioaren kontra" kalera aterako da Nafarroako alderdi popularra, Bai gehiengoa errespetatzeari. Ez euskararen inposizioari lelopean, izan ere, Nafarroako Gobernua euskara "txertatzen" ari delakoan dago, "erabakitzeko aukerarik eman gabe" eta "erdaldunen gehiengoa errespetatu gabe", Ana Beltran parlamentariak esan duenez. Nafarroako Gobernuak adierazi du ez duela ulertzen zein "inposiziori" buruz ari den eta "deigarria" dela "eskubideen kontrako" mobilizazioak egitea. Eta ez du soilik PPren "karabana linguistioka" dela eta esan; ekainaren 2rako antolaturiko euskara sustatzeko politiken kontra prestaturiko deialdia ere gogoan izan du. 

Karabana aurkezterakoan, PPk adierazi du euskara ez dela ofiziala, eta Nafarroako Gobernuak "hizkuntza arma gisa" darabilela. "Ez dugu baimenduko euskara politizatu dezaten eta Euskadi eta Nafarroaren arteko batura arma izan dadin", adierazi du Beltranek. 

"Inposizioa, egunerokotasunean"

Osasunbidearen erantzugailu automatikoan euskarazko mezua dagoela salatu du PPko eledunak; "zenbait idazki" euskaraz daudela eta, ondorioz, "ulergaitzak" direla; errepideetako kartelak elebidunak direla, horrek dakarren "arriskuarekin"... Horregatik, "erdaldunentzako errespetua" galdegin du PPk. 

Honako eskuorriak banatuko dituzte "Karabana linguistikoan":

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!