Nafarroako gazteen bertso eskolek haien eguna ospatu dute Leitzan

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 9a, 09:40

Herrialdeko bertso eskoletako 121 ikaslek hartu zuten parte goiz zein arratsaldez izan ziren ekitaldietan. 

Ikasturteari amaiera emateko, Nafarroako gazteen bertso eskolen eguna egin zen igandean Leitzan. 9 eta 15 urte bitarteko 121 gaztetxok hartu zuten parte goiz zein arratsaldean egin ziren ekitaldietan. Iruñea, Barañain, Orkoien, Atarrabia, Baztan/Bidasoa, Leitzaldea, Larraun eta Sakanako bertso eskoletako ikasleak izan ziren eguraldi ona zein giro bikaina aprobetxatu zituztenak.

Goizean hainbat ezagutza jolas egin ostean, gaztetxoen bertso saioa izan zen Leitzako zineman. Horren ondoren, Nafarroako bertsopaper lehiaketako sariak banatu zituzten. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailan Kattin Madariagak eraman zuen saria; 5. eta 6. mailakoen artean, Amaiur Goñik eta DBHko 1. eta 2. mailan, Beñat Astizek.

Bazkariaren txanda etorri zen gero eta horren ostean, Peru-Harrira bisita egin zuten gaztetxoek. Izugarri gozatu zuten  Iñaki Perurena harrijasotzaileak eta bisitaldiko gidariak emandako azalpenekin. Horrekin, Nafarroako gazteen bertso eskolen egunari amaiera eman eta etxerako bidea hartu zuten ikasleek.

Ikasturte honetan 18 urtetik beherako 350 ikaslek landu dute bertsolaritza Nafarroako bertso eskoletan, herrialdean dauden 40 taldeetako batean. Astean behineko maiztasunaz, bertsogintzaren oinarriak jasotzearekin batera, besteak beste ahozkotasuna eta komunikazioa gaitasunak ere landu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!