Gaur da hastekoa Osasuna futbol taldearen Indar Gorri jarraitzaile taldeko hamaika kideren aurkako epaiketa, gaizkile taldeko kide izatea leporatuta. Bina urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak eurentzat, baina auziaren gertuko iturriek azken egunetan jakinarazi dutenez, baliteke bi aldeen artean akordioa egotea.
Iturri horien arabera, Fiskaltzak eta akusatuen defentsek zigor leunago bat adostu dutela eta, horrenbestez, gaurtik ostiralera bitartean luzatzea espero zen epaiketa ez omen da gauzatuko.
Indar Gorriko kideei gaizkile taldeko parte izateaz gain, aurkari zituzten futbol taldeen muturreko jarraitzaile taldeei indarkeriaz aurre egin eta lesio delituak eragiteko azpijokoa egitea egotzi diete.
Joan den urtarrilaren 15ean, Nafarroako Auzitegiak 10 auzipetuk aurkeztutako helegitea atzera bota zuen. Izan ere, auzipetuetako batek ez zuen epaileak talde kriminal bateko kide izateagatik auzipetzeko erabakiaren aurkako helegiterik jarri.
2017ko apirilean Iruñeko bigarren instrukzio epaitegiak onartutako ebazpenaren arabera, 21 pertsona auzipetzeko zantzuak zeuden delitu horrengatik. Izan ere, idatzian zehazten zenez, Osasuna jarraitzeko aitzakiaz, hainbat hiritara joaten ziren "lesio delituak egiteko, larriak ziren ala ez axola gabe", edo eztabaida jendetsuetan parte hartzeko, "aurkarien jarraitzaileen aurka liskar fisikoak" bilatzeko.
Ekainean, Ministerio Fiskalak akusazio idatzia aurkeztu zuen 11 kiderentzat; beste 10 pertsonaren aurkako prozedurak artxibatu egin zituzten.