Nafarroako Memoria Historikoaren Eguna ospatu zuten larunbatean Sartagudan. Hain zuzen, parke horrek hamar urte bete zituen zabalik. Bereziki, aldarrikapenak egiteko eguna izan zen, oroimenerako. Hamar urtean lehen aldiz Lehendakaria ere izan zen ekitaldi horretan, Uxue Barkos.
Debekatua dago ahaztea. Horixe izan zen larunbatean gehien errepikatu zen esaldia. Egia, justizia eta aitortza eskatu zituzten beste behin. 3.452 izen irakurri zituzten, fusilatu zituztenenak eta egun euren izenak Sartagudako memoriaren parkeko horman idatzirik daudenak. Duintasunaren horma deitua diote.
Sartagudan hil zituztenen birbilobek hartu zuten hitza. Alargunen Herria Elkarteak idatzitako testuarekin ekin zioten: “Bide berriak zabaltzeko unea iritsi da eta lortutakoa ospatzeko xede berriak markatzeko unea". Memoriaren tokiak zaindu eta daukaten garrantzia azpimarratzeko beharraz ere ohartarazi zuten. Errepikatzea nahi ez dugun historia eskolan ere landu beharrekoa dela uste dute. Gogoan izan behar da gainera, oraindik familia asko direla euren senidea bilatzen segitzen dutenak.