Nafarroako bandera mosaiko erraldoi batean irudikatu nahi du Gure Esku Dago ekimenak. Horretarako Iruñeko Gazteluko Plaza baliatuko du heldu den maiatzaren 19an eguerdian: "Ekitaldia jai giroan izatea nahi dugu, aldarrikapenak egin eta festan parte hartzeko deia egiten ari gara", nabarmendu dute ekimenetik. "Autogobernuaren aldeko mezuak helarazi nahi ditugu eta Auzitegi Konstituzionaletik iristen diren erasoak gaitzetsi". Internet bidez aukera dago jada izen emateko Gazteluko plazako ekimenean parte hartzeko.
Galdeketek ere aurrera segitzen dute
Nafarroako hogeita sei herrietan egin diren herri galdeketei segida emango diote aurten Lizarraldeak (Deierri, Lezaun eta Oteitza) eta Malerrekak (Doneztebe, Donamaria, Legasa, Elgorriaga, Ituren eta Zubieta) maiatzaren 6an. Herritarron Ituna osatuko duten arrazoien bilketa ere sustatuko dute eskualdez eskualde, saio parte-hartzaileen bidez. Eta ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko deia egin dute: “Nafarrok aukera ezin hobea izango dugu erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa agertzeko, eta eskuz esku etorkizuna eraikitzeari ekiteko”. Zarautzen 25. kilometroan, eta Gasteiz ondoan 193. kilometroan, batuko dira, nagusiki, nafarrak.
“Nafarrok burujabe izan nahi dugu, erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu. Baina hori lortzeko, mugitu egin beharko gara”, ohartarazi du Urrutiak. Hain zuzen, maiatzaren 19rako deitutako mobilizazioak sortu du ikusminik handiena. ‘Etorkizuna nafarron esku’ lelopean, Nafarroako armarria irudikatuko duen giza-armarria osatuko dugu maiatzaren 19an, Iruñeko Gaztelu Plazan. Hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak: “Nafarron erabakitzeko borondatea agerian uztea, elementu sinboliko bat erabiliz; ekainaren 10eko giza kateari begira jendea parte hartzera animatzea; eta indarrak biltzea etorkizunari heltzeko”. Datozen hilabeteotan Nafarroa osoan erabakimenaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko determinazioa adierazi du herri mugimenduak.