"Gure espazioen itxierari ekiteko asmoa dute, berriro ere espazio hutsak bilakatu daitezen", salatu dute Arrotxapeko eta Alde Zaharreko 'Maravillas' gaztetxeko kideek, publiko eginez "udal ordenantzaren aitzakipean" ekimenak ez antolatzeko agindua jaso dutela.
Iruñeko Udaleko Hirigintza Sailak, "segurtasun irizpideak" aintzat hartzen dituzten txosten batzuk medio, "aisialdi ekimenak edota espektakulu publikoak" egitea debekatu die, aisialdi ekitaldietarako espazio publikoaren Foru Legean oinarrituz. UPNk egindako kexen ondorioz idatzitako txostenak dira horiek, eta gaztetxeak ixtera irits daitezke.
Desobedientziarako deia
Horren aurrean, "desobedientziarako deia" egin dute gaztetxeetako kideek: "Ez dugu bestelako erasorik onartuko, ez gure espazio edota proiektu autogestionatuen kontrako erasorik. Ez dugu inolaz ere gure auzoak antolatzeko eta horietatik auzolanean diharduteko sorrarazten zaigun borrokarako grina errotik mostuz dezaten onartuko"
Hala, "lege injustuen" kontra eginen dutela iragarri dute: "Komunitatea osatzen eta eraikitzen jarraitzeko hautu irmoa hartzen dugu, herri mugimendutik ekimenak egiten jarraituko dugu, kapitalaren espazioak berreskuratzen bai eta kolektiboki gure auzoen antolakuntzan jarraitu. Injustiziaren harresia autogestioa, herri antolakuntza eta desobedientziaren bitartez baino ez eraitsiko dugulako".
Gaztetxeen defentsan, kalera
Elkarretaratzea antolatu dute egoera salatzeko, ostiralean, 19:00etan, Iruñeko udaletxeko plazan, Gaztetxeen defentsan lelopean.