Hautsak harrotu dituzte Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak esandakoak, izan ere, 2016ko talde bortxaketan "plazera" ikusi eta absoluzioaren alde azaldu zen epaileak, Ricardo Gonzalezek, "arazo berezi bat" daukala adierazi du, Copen egindako elkarrizketa batean. "Mundu guztiak jakinda arazo bat daukala, sinestezina da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak deus ez egitea", ziurtatu du.
Nafarroako Auzitegi Nagusiko buru Joaquin Galvek harriduraz hartu ditu hitzak eta Gonzalezen lana defendatu du, esanez ez duela "arazorik", eta ministroari esandakoa argitu dezan eskatu dio: "Ez dakit zertaz ari den, esandakoa argitu beharko luke".
Nafarroako epaile eta magistratuek idazkia kaleratu dute Gonzalezen lana babesten: aintzat hartu badute ere herritarrek epaitegiak erabakitakoa "ez partekatzea", beren aburuz, ezin da epailearen kontrako "koakzioa edota indarkeria" baimendu.