Maiatzaren Lehenari begira jarriko gara bezpera honetan ere. Langileek hartuko dute protagonismoa. Langileen egunean, sindikatuetara jo dugu, jakiteko nola ikusten duten langileen euren egoera, enpleguarena eta lan-baldintzena.
Bakoitzak bere bidea eginen du aldarrikapen guztiak egiteko, kalean. UGT eta Comisiones Obreras elkarrekin irtengo dira Irabazteko garaia goiburuarekin; ELAk Pobreziari Gerra. Soberan inor ez leloa erabiliko du, LABek Lan, bizi eta herri duina. Burujabetza ezkerretik lema izanen du eta elkarrekin irtengo dira ESK, Steilas, CGT, CNT eta Solidari Denok batera borrokara goiburua erabiliko du.
UGT eta Comisiones Obreras sindikatuak "berdintasunaren" alde aterako dira. Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte, baita soldaten igoera ere. Borroka sindikalak horretan izan behar duela oinarria uste du UGT sindikatuko idazkari orde Amaia Villanuevak.
Etekinak banatzeko unea dela adierazi du Comisiones Obreras sindikatuko komunikazio arduradun Joseba Ezeolazak. Lan istripuek kezka sortzen dute. 2015etik hazi egin direla gogoratu du Comisiones Obreras sindikatuko Ezeolazak. Horregatik, prebentzioa handitu eta inbertsioak gehitu behar direla esan du:
Desberdintasuna eta pobrezia handitu direla salatu du ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak. Horregatik, ezinbestekoa da kalitatezko enplegua aldarrikatzen segitzea. Enpleguaren okertzeak, prekarietateak eta lan istripuek arduradunak badituela sinetsirik daude ELA sindikatuan. Politikariek hartzen dituzten neurriek zerikusi handia dutela esan du Lakuntzak.
Eraldaketa soziala sortzeko mobilizazioaren beharra nabarmendu du LAB sindikatuko Imanol Karrerak. Hitzarmen duinak behar direla ere azpimarratu du enplegu duin bat izateko. Enplegu prekarioa dugula uste du LAB sindikatuko Karrerak. Burujabetzaren garrantzia hain zuzen ere horretan ere badagoela uste du, enplegu duinak sortzeko hemendik erabakiak hartzerako garaian adibidez.
Prekarietatearekin amaitzeko beharra dagoela nabarmendu du ESK ko Iratxe Alvarezek. Eta nabarmendu du, emakumeek pairatzen dituztela egoerarik muturrenetakoak. Pentsionistek hilabete hauetan hartutako indarra edo Martxoaren zortzian emakumeek erakutsitakoa olatu gisara hartu du ESK sindikatuak. Horri eutsi eta sistema prekarioarekin amaitzeko beharra mobilizazioaren bidez aldarrikatzea beharrezkoa dela uste du Alvarezek.
Deialdiak hala izanen dira:
- UGT eta Comisiones Obreras sindikatuak euren egoitzatik irten eta Nafarroako Enpresarien Elkartera joanen dira eguerdiko 12etan.
- ELA sindikatua Gurutzeko plazan abiatuko da 12etan.
- LAB sindikatua Gazteluko plazatik irtengo da 12etan.
- ESK, Steilas, CGT, CNT eta Solidari Baratxurien plazatik irtengo dira 12etan.