Solana: “Datorren ikasturtean, irakasleen eskola-orduak murriztuko ditugu HHn eta LHn”

Euskalerria Irratia 2018ko api. 24a, 14:26

Sindikatuekin akordioa lortuta zein lortu gabe, UPNren murrizketak leheneratzen segituko duela dio Hezkuntza Kontseilariak

Ostiralean, hilaren 27arekin, Hezkuntzako Mahai  Sektorialaren bilera izanen dute. Sindkatuek eskola-orduei buruzko proposamen zehatza espero dute Maria Solana kontseilariarengandik. Euskalerria Irratian gaur goizean azaldu du Departamentua prest dagoela 2018-2019 ikasturtean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bi eskola-ordu murrizteko, baina Bigarren Hezkuntzako irakasleen eskola-orduen murrizketa 2019-2020rako geratuko litzateke.

“Eskola-orduak maila guztietan leheneratzeko 20 milioi beharko genituzke, eta nik ez dut diru hori. Ez dut inor engainatu nahi. Ez dut hitzeman nahi betetzeko gai ez naizena”, azaldu du Solanak.

Kontseilariak ez daki bere eskaintza aski izanen den sindikatuekin akordioa erdiesteko: “Haiek eskola-orduak ez ezik ratioak eta ordezkapenak aipatzen dituzte, baina baldintza guztiak beteta ere ikusi beharko genuke sinatuko luketen. Nik uste dut ezetz”.

Solanak nabarmendu du mahai sektorialean irakasleen kontratazioari eta lan baldintzei dagozkienak soilik aztertzen direla: “Hezkuntzan behar gehiago ere badira, eta azpiegituretan eta formakuntzan gauza asko egiten ari gara, lehen egiten ez zirenak”.

Hori horrela, Solanak dio edonola ere UPNk egindako murrizketak leheneratzen segituko dutela. “2016-17 ikasturtean ratioak 25ra jaitsi ditugu, lehen ikastetxe askotan gela bakoitzeko 28ra iristen baizen. Ordezkapenak ere asko arindu ditugu. Eta hezkuntza akordioaren zein gabe, bide horretan aurrera egiten segituko dugu, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eskola-orduak murriztuz”, iragarri du.

Kontseilariak mezu zuzena igorri die Gobernua sostengatzen duten gainontzeko indarrei: “Zenbait indar politikok diote gai hau lehentasuna dela haientzat. Baina aurrekontuak Parlamentuan egiten dira. Han zuzenketak egiteko aukera izan dute, eta ez dute egin. Ez dituzte 20 milioi horiek hor jarri”.

Edonola ere, LAB, Steilas, Afapna, CCOO, ANPE, ELA, CSI-F, APS eta UGT sindikatuek manifestazioa eginen dute maiatzaren 5ean, "Kalitatezko eskola publikoaren alde. Murrizketei ez. Hitzarmena orain" lelopean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!