Bi baldintza baino ez dira bete behar odola edo ehuna eman ahal izateko: 18 urtetik gora izatea eta 50 kilo baino gehiagoko pisua izatea. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak dei egin die herritarrei emale izatera. Erreserbak handitzeko beharra dagoela ohartarazi dute eta gogorarazi dute erraz egin daitezkela donazioak.
>Nafarroan donazioak egiteko bi egoitza finko daude:
-Iruñean, Irunlarrea kaleko 3.ean dago bat. Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara zabalik eta ostiraletan 8:00etatik 14:30etara.
-Tuteran, Migel Iza kaleko 2.ean astelehenetik ostiralera 8:15etatik 13:45etara eta astarte eta ostegunetan baita arratsaldez ere 17:00etatik 20:00etara.
Egoitza finko horietaz gainera mugitzen ibiltzen den autobusa ere erabiltzen dute herriz-herri jendearengana gerturatzeko asmoz. Hala, gaur asteartearekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoan izanen da unitate ibiltaria 10:00etatik 18:00etara eta datozen egunetan beste herri hauetan ere bai: Bera, Valtierra, Cortes, Leitza, Carcarstillo eta Oibar.
Bereziki bi talderen odola behar da erreserba handitzeko: 0- eta A- taldeenak. Odol eta Ehun Bankuak igorri dizkie odola maiz ematen duten herritarrei gutuna, berriz ere eman dezaten.
Jende gehiago erakartzea, erronka
Urtero-urtero behar izaten da odol erreserba handitzea. Ebakuntzetarako edota berehalakotasuna behar duten transplanteetan ezinbestekoa baita odola izatea, adibidez. Iaz ikasleengana ere hurbildu ziren eta unibertsitate publikoan 81 herritar gehiagoren odola lehenengoz jasotzea lortu zuten. 151 odol-emale izan ziren guztira iaz unibertsittean eta beste 72 txokotan ere ibili zen autobus ibiltaria. 25 urtetik beherako odol-emaleak 2.200 dira gurean.
18 urtetik gora eta 50 kiloko pisua gutxienez
Bi baldintza nagusi bete behar dira odol-emale izateko: 18 urteak beteak izatea eta gutxienez 50 kiloko pisua izatea. Hori beteta, bestelakoak ere kontuan izan behar dira: gaixotasun kronikorik ez izatea, eritasin larririk gabe izatea, hipertentsioarik gabe, droga kontsumoagatik aurrekariak izatea edo sexu harreman arriskutsuak mantendu izatea, adibidez.
Odola ematera joan baino lehen garrantzitsua da ongi jatea eta ura edo bestelako likido ugari edatea. Hori, odola eman baino lehenago eta ondoren ere egin beharrekoa da. Tatuajeak edo piercing-ak dituzten pertsonek ere eman dezakete odola, beti ere, egin zituztenetik lau hilabete pasa badira. Odola emateko unean, bertan diren mediku eta erizainek galdetegia egin eta beste zenbait neurri ere hartzen dituzte: hemoglobina nahikoa duen odolak konprobatzen dute, baita tentsioa edota bihotzaren frekuentzia. Hori eginda, 7 edo 10 minutuan eman daiteke odola, ez da gehiagorik behar.