Emakumezko bat bortxatzea leporatuta bost gazte epaitu dira Nafarroako Lurralde Auzitegian. Bost gazteak espetxean dira 2016ko uztailetik eta epaileek hainbatetan ukatu dute haien behin-behineko askatasuna. Fiskaltzak 22 urteko espetxe zigorra eskatzen du haietako bakoitzarentzat eta guztien artean 100.000 euro ordaintzea biktimari kalteordain gisa.
Ostegunean, hilak 26, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Saileko presidenteak 2016ko sanferminetan gertatu zen talde bortxaketaren epaia irakurriko du 13:00etan.
22 urteko espetxe zigor eskaera akusatu bakoitzarentzat
Hiru delitu leporatzen dizkiete bost akusatuei: eraso sexual iraunkorrarengatik 18 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak euretako bakoitzarentzako; ezin izango dira gerturatu emakumearengana 500 metro baino gehiago; biktimarekin ezin izanen dira komunikatu 20 urtean eta espetxe zigorra bete ondoren 10 urteko zaintzapeko askatasuna izanen dute. Intimitatearen aurkako delituarengatik gainera, 2 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte eta 5.409 euroko isuna ezartzen diete horregatik. Lapurreta egiteagatik beste bi urteko espetxe zigorra ere eskatzen die fiskalak. Biktimari egindako min moralarengatik 100.000 euroko kalte ordaina ordaintzera behartuko ditu eta Nafarroako Osasunbideari 1.531,37 eurokoa.
Akusatuen defentsak dagoeneko iragarri du bere bezeroek errugabe joko dituztela euren buruak.