Iruñeko Udalak prozesu partizipatibo bat abiatu du hirian Emakumeen Etxe bat diseinatu eta sortzeko. Ekimen honek toki fisiko eta sinboliko bat eskaini nahi die hiriko emakumeei, norberaren ahalduntzetik ahalduntze kolektibora eta sare-ahalduntzera igaro daitezen, eta hiriko elkarte-mugimendua eta mugimendu feminista indartzeko testuingurua sortu nahi du.
Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok eta Alorreko zuzendari Ana Gilek aurkeztu dute gaur ekimena. Haiekin batera prozesuan parte hartzen duten emakumeak eta emakume-taldeen ordezkariak izan dira: Doulen elkarteko Ana García Muzás eta Rosa de Bulgaria elkarteko Anna María Atanasova. Prentsaurrekoan keinu-hizkuntzako interpretazioa izan da.
Iruñeko emakumeak Emakumeen Etxearen diseinuan parte hartu dezaten, Udalak prozesu partizipatibo bat abiatu du, sei eztabaida-saioz osatua eta apiril, maiatz eta ekainean gauzatuko dena. Prozesuaren barruan ere, proposamenak jasotzeko bideak gaituko ditu, proposamenak egin ahal izateko bai aurrez aurre Berdintasun eta LGTBIko Alorrera joaz, bai Erabaki plataforma digitalaren bidez (https://erabaki.pamplona.es).
Gaur goizeko ekitaldian honako hauek izan dira baita ere: Bizikume elkarteko Isabel Arguelles, Matilde Fernández eta Erkuden Almagro; Comfineko Pilar Bobes; Miran Foroko Ana Beaumont; Rosa de Bulgariako Tania Naidenova, Kalina Sotirova eta Rodostina Parusheva; Etxeko langileen elkarteko Irene Sotos; Cocemfeko Erkuden Txokarno eta Elena Chavarri; Flor de África elkarteko Fátima Sani, Farmata Watt eta Djamila Maiga; eta Lunes Lilaseko Lorea Irisarri.
Emakumeen Etxeak espazio fisiko eta sinboliko gisa definitzen dira, udalerrietako emakume desberdinen artean erreferentzia-esparru bat eta elkar topatu eta aintzat hartzeko leku bat eraiki eta artikulatzeari bide ematen diotenak, non konplizitateak, esperientziak, kezkak eta ekimenak partekatzen baitira. Espazio horiek norberaren ahalduntzetik ahalduntze kolektiborako bidea errazten dute, zerbitzuak eta baliabideak eskainiz bai elkarte bateko kide ez diren emakumeei bai emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean eta borrokan hamarkadak daramatzaten emakumeen talde eta kolektibo feministei. 2003tik 2013ra bitarte emakumeen 8 etxe sortu dira Euskal Autonomi Erkidegoan, eta Estatuko hiriburu handietan –Madril, Bartzelona eta Valentzia kasu– 80ko hamarkadaz geroztik existitzen dira.
Emakumeendako topaleku bat sortzeko aukera sartuta dago Iruñeko Udalaren III. Berdintasun Planaren printzipio zuzentzaileetako baten barruan, hain zuzen, honakoa jasotzen duen horretan: “emakumeen partaidetza eta lidergoa ezinbesteko osagai gisara demokraziak aurrera egiteko”. Zehazki, partaidetzako eta eragin politikako ildo estrategikoaren barruan ere sartzen da, zeinak bilatzen baitu “emakumeen mugimendu antolatua Udalarekiko mintzakidetza-organoa izan dadin lortzea, eta baldintza egokiak sortzea hiriko elkarte-mugimendua eta mugimendu feminista indartzeko”.
Joan den abenduaz geroztik, Berdintasun eta LGTBIko Alorrak bilera irekiak egin izan ditu emakumeen elkarteekin eta kolektibo feministekin haiekin iritziak partekatu, proiektu honen berri eman eta haien partaidetza bultzatze aldera. Halaber, emakumeen elkarteek eta kolektibo feministek hala eskatuta, joan den martxoan esperientzia-mahai bat egin zen, non parte hartu baitzuten hainbat tokitatik etorritako ordezkariek: Zaragozako Emakumeen Etxea, Basauriko Marienea Elkartea, Donostiako Emakumeen Etxea, eta Madrilgo Escalera Karakola.
Prozesu partizipatiboa
Farapik lagunduko du prozesua, genero ikuspegia txertatutik duten prozesu partizipatiboetan eskarmentu handiko kooperatiba baita. Prozesuak hainbat une garrantzitsu izango ditu. Lehenengoa, Eraikuntza Kolektiboko Talde bat sortzea da, apirilaren 25ean, asteazkenarekin, eta horrekin batera prozesuari hasiera emango zaio. Lehen saio horretan talde horren nortasuna landuko da, intersekzionalitatearen norainokoa neurtuko da, beharren lehen azterketa egingo da eta saioen arteko lana antolatuko da.
Bigarren saioan, maiatzaren 2an, asteazkenarekin, emakumeen beharrei buruz eztabaidatu eta jarrera hartuko da, eta Emakumeen Etxearen inguruko ikuspegi orokorra zedarritzen hasiko dira (filosofia, helburuak, ezaugarriak, printzipioak, etab.)
Paraleloki, apirilaren 27tik (ostirala) maiatzaren 11ra bitarte, herritarren ekarpenak jasotzeko bideak irekiko dira: Erabaki plataformaHYPERLINK "https://erabaki.pamplona.es/"ren (https://erabaki.pamplona.esHYPERLINK "https://erabaki.pamplona.es/") bidez, batetik, eta aurrez aurre, Berdintasun eta LGTBIko Alorrera (Udaletxeko 4. solairua) joaz, bestetik. Proposamenak banakakoak edota kolektiboak izan daitezke, eta honako gaiak jorratuko dituzte: filosofia, helburuak, ezaugarriak, printzipioak, kudeaketa-ereduak, eskain daitezkeen jarduerak, antolaketa mota eta Etxearen erabilera.
Bi saio horiek egin eta ekarpenak jaso ostean, Eraikuntza Kolektiboko Taldeak Emakumeen Etxearen proposamena definituko du, pixkanaka. Horretarako hiru saio aurreikusi dira: lehenengoa, maiatzaren 16an, ikuspegi orokorra landu eta kudeaketa-ereduak zedarritzen hasteko, eta Udalaren eta kudeaketa-eredu horren arteko harremana zehazteko. Saio horretan herritarren proposamenak aztertu eta baloratuko dira. Hurrengo saioa maiatzaren 23rako aurreikusi da, eta horretan sakonago aztertuko dira kudeaketa-ereduak, Udalaren eta Emakumeen Etxearen arteko harremanak eta eskaini daitezkeen jarduerak. Eta hurrengo saioan, ekainaren 6koan, espazioa eta erabil daitezkeen eraikinak baloratuko dira. Kokapena eta espazioa antolatu eta erabiltzeko modu posibleak aztertu eta definituko dira, baita finantzazioa ere. Azken saio bat egingo da, ekainaren 13an, sintesia egin eta prozesuan parte hartu duten emakumeek egindako azken proposamena aurkezteko.
Saio guztiak Plazara! zentroan egingo dira (Kale Nagusia, 31), 17:00etatik 19:00etara, eta bateragarritasun-zerbitzua eskainiko da, 3 eta 9 urte arteko haurrentzat, emakumeen parte-hartzea errazte aldera. Emakume guztiei haien aniztasunean zuzentzen zaie prozesua. Hortaz, parte hartu ahal izango du edozein emakumek norbanako gisa, baita emakumeen elkarteetan eta kolektibo feministetan parte hartzen dutenek eta berdintasunaren alde diharduten elkarteetako emakumeek ere. Berdintasun eta LGTBIko Alorreko eta Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko udal-teknikariek ere prozesuan parte hartuko dute. Prozesua loteslea izango da.
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 948 420 150 telefonora deituta, igualdad@pamplona.es helbidera idatzita edo Berdintasuneko Alorrera etorrita (Udaletxea. Udaletxe plaza, zk.g., 4. solairua).