Gauzen interneti buruzko espezialitate berri bat NUPen

Euskalerria Irratia 2018ko api. 19a, 08:57
Argazkia: Ikasleak klasean. / NUP

Masterrek, espezializazio diplomek, adituen tituluek eta unibertsitate zabalpeneko beste ziurtagiri edo diploma batzuek osatzen dute eskaintza.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) master, espezializazio eta aditu diploma, eta unibertsitate zabalpeneko beste ziurtagiri edo diplomaren 28 titulu bereki eskainiko ditu 2018-2019 ikasturterako. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak onetsi du eskaintza, zeinak Gauzen Interneten Espezializazio Diploma berri bat baitauka, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Graduari eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren Graduari lotua eskaintzen dena. Gogoratu behar da Marketina Industriaren Ikuspegitik izenekoa gehitu dela gradu bati loturiko titulu berekien eskaintza berrian. Kasu honetan, titulu bereki berria Industria Teknologietako Graduari, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduari eta Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduari lotzen zaie.

Beste alde batetik, Unibertsitatearen eskaintzak graduari loturiko beste hiru titulu gehiago ditu. Haietako bi profesionalei eskaintzen zaizkie: Sexu Hezkuntzako Espezializazio Diploma, alde batetik, eta Agroekologiako eta Landa Garapeneko Unibertsitateko Aditua, bestetik. Hirugarrena, Bideo-jokoen eta Errealitate Birtualeko Aplikazioen Garapena, Informatika Ingeniaritzako Graduari lotuta eskaintza da. Edukiari, matrikulatzeko epeari (edonola ere, apirilaren 15etik aurrera izango dena) edo titulu bakoitzeko eskolak hasten diren egunari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.

Trebakuntza jardueraren helburuak eta ezaugarriak

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu bereki horien guztien prestakuntza eskaintzak bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen eta gazte profesionalen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea eta profesionalen eguneratzea bultzatzea lan merkatuan sar daitezen, edo beren titulazioari egokitutako lanpostu bat eskura dezaten; eta, bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua edukitzea.

Horretaz gainera, titulu berekietako ikasleek hainbat abantaila dituzte, hala nola enplegu kualifikatuaren poltsarako sarbidea, lan orientaziorako unibertsitateko zerbitzua, enpresa eta erakundeetan prestakuntza-praktikak egiteko aukera, eta hainbat zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza ikastaroak, kirolak, Liburutegirako sarbidea, e.a.).

Unibertsitate hedapeneko diploma egiteko, ez da aurretiaz unibertsitateko titulaziorik behar; bai, ordea, master tituluak, espezializazio diplomak eta aditu tituluak egiteko. Nolanahi ere, zilegi da ikastaroetako gaiekin lotutako profesionalak onartzea, aldez aurretik ikasketa horiek egin ez badituzte ere. Kreditu kopuruari dagokionez ere, desberdintasunak daude. Masterraren kreditu kopurua 60tik 120ra bitartekoa da; espezializazio diplomarena, 30etik 59ra bitartekoa; eta adituarena, 15etik 29ra bitartekoa; unibertsitate zabalpeneko diplomak 30 kreditu ditu gutxienez ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!