Pentsio duinak aberastasuna banatuz lortuko direla uste du ELAk

Euskalerria Irratia 2018ko api. 17a, 12:54

Iñaki Zabaleta eta Maria Balda.

Orain arte egindako murrizketak gainditu eta pentsio sistema publiko egokia izateko diru gehiago bideratu behar zaie. 134.000 pentsiodun bizi dira Nafarroan, herritarren %20,8 baina, BPGaren %9,4 baino ez da pentsioetara bideratzen. 

Pentsio duinak lortzeko bidean, eskaera ugari ditu egiteko ELA sindikatuak. Izan ere, pentsionistek dituzten diru-sarrera txikiak ez dira egun bat batean sortutako arazo. Atzetik dator. 2010ean lehen erreforma onartu zuen PPren Gobernuak. Gero etorri ziren 2011 eta 2013koak ere. Eta horiek, Patronalak, UGTk eta Comisiones Obreras sindikatuek babestu zituzten. Erretiro adina atzeratu dute,pentsio berriak txikitu dituzte eta iraunkortasun-faktorea ezarri dute, besteak beste.

Nafarroan, 134.000 pentsiodun bizi dira: alegia, bost herritarrik bat da pentsioduna. Alegia, herritarren %20,8 da pentsioduna. Eta aldiz, pentsioetara bideratzen den portzentaia %9,4koa da. Nahikoa ez dela agerian geratzen dela uste du ELA sindikatuak. Eta, egoera bideratzeko, aberastasuna banatzen hastetik ekin behar zaiola. "Ez da nahikoa lan kotizazioetatik pentsioetara bideratzen den diruarekin, beraz, zergetatik ere bideratzea litzateke aukeretako bat", nabarmendu dute. Nafarroak sistema propioa izan behar duela ere uste dute. 

Egungo egoerak alternatiba baduela uste dute sindikatuan eta horretarako proposamenak ere mahai gainean dituzte. Eskakizun horiek kalera aterako dituztenekin mobilizazioetan parte hartuko duela esan du ELAk.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!