Pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko manifestazioa, apirilaren 22an

Euskalerria Irratia 2018ko api. 13a, 13:41

Argazkia: Sasoian eta Pentsionistak martxan elkarteek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoa.

Espainiak pentsioak %0’25 handitzea kritikatu, eta, horren aurrean, Kontsumo Prezio Indizearekin batera igoko diren pentsioak defendatu dituzte Sasoian eta Pentsionistak martxan elkarteek.

Kalera aterako deia egin dute Sasoian eta Pentsionistak martxan elkarteek. Kalera, pentsio duinen alde: Espainiako Gobernuak %0'25eko igotzearen kontra azaldu dira, eta Kontsumo Prezio Indizearen arabera eguneratuko diren pentsioak nahi dituzte, "sistema propio eta publiko baten bitartez kudeatuak". "Pentsioak" duina izateko 1.080 eurokoa izan behar duela azpimarratu dute. Apirilaren 22an izanen da manifestazioa, Iruñeko udaletxeko plazatik abiatuta, 12:00etan. 

Oro har pentsiodunen egoera prekarioa den arren, emakumeen egoera are gogorragoa dela gogorarazi dute, izan ere, askok ez dute kotizatu, erruz lan egin badute ere; eta beste askok, beti soldata txikiagoak izan dituztenez gero, gizonek baino pentsio txikiagoak dauzkate. 

"Jendarte osoari" luzatu diote mobilizazioarekin bat egiteko gonbita, "langileei, gazteei, zaharrei...", pentsioen auzia "denen auzia" baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!