NUPek 26 master eskainiko ditu guztira 2018-19 ikasturterako

Euskalerria Irratia 2018ko api. 13a, 08:08
Argazkia: Ikasleak ikasgelan. / Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Tituluetako bostek lanbide arautuetan aritzeko gaitzen dute, eta aurreinskripzioa egiteko epea maiatzaren 18an amaituko da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitateko 26 master titulu ofizial eskainiko ditu 2018-2019 ikasturtean, eta master horietako bostek lanbide arautuetan aritzeko gaitzen dute, erakundeko Gobernu Kontseiluak onetsi duenez. Aurreinskripzioa “online” egingo da Unibertsitatearen webgunean, eta horretarako epea apirilaren 9an hasi zen, astelehenean, eta maiatzaren 18an bukatuko da; matrikula, aldiz, ekainaren 13an eta 15ean egingo da. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.

Datorren ikasturtean eskainiko diren 26 master ofizial horietatik, bederatzi Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari (TIIGMET) dagozkio; sei Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari (NIGMET); hiru Osasun Zientzien Fakultateari; beste hainbeste Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateari eta Zientzia Juridikoen Fakultateari, eta, azkenik, bi Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateari.

Fakultateek eskaintzen dituzten masterrak

Esaterako, hau da datorren ikasturtean Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) egiten duen master-eskaintza: Proiektuen Zuzendaritza; Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa; Ingeniaritza Biomedikoa; Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritza; Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionala; Modelizazio eta Ikerketa Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa; Informatika Ingeniaritza, eta lanbide batean aritzeko gaitzen dutenak: Telekomunikazio Ingeniaritza eta Industria Ingeniaritza.

Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIGMET) kasuan, titulu hauek eskaintzen dira: Ingurumen Nekazaritzako Biologia; Nekazaritza Ingeniaritza, lanbide batean aritzeko gaitzen duena; Lurzoruen eta Uren Kudeaketa; Kimika Sintetikoa eta Industria Kimika; Informazio Geografikoko Sistemak eta Teledetekzioa, eta Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologia eta Kalitatea.

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak master hauek eskaintzen ditu: Enpresen Zuzendaritza; Enpresaren Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa, eta Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa (ERP).

Osasun Zientzien Fakultatean hauek emango dira: Osasun Zientzietako Ikerketa; Osasunaren Sustapena eta Gizarte Garapena, eta Osasun Publikoa.

Zientzia Juridikoen Fakultateak hiru master eskainiko ditu: Abokatutzarako Sarrera, lanbidean aritzeko gaitzen duena; Ondare Zuzenbide Pribatua, eta Lan Arriskuen Prebentzioa.

Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak bi titulu eskainiko ditu: Bigarren Hezkuntzako Irakasletza, lanbidean aritzeko gaitzen duena, eta Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!