Maite Mutuberria Eltzaburun jaio zen 1985ean. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatu ondoren, ilustrazioa ikasi zuen Madrilen. Hezkuntza proiektuak eta haur eta helduentzako hainbat liburu ilustratu ondoren berak aurkezten duen lehendabiziko album-liburua da "Lohia" Pepitas Ed. argitaletxearekin plazaratutakoa. Gaztelaniazko bertsioak "Enorme suciedad" du izena. Mutuberriak erran digunez krisi baten koadernoa da: "Bolada ilun batean sentitu nuen neure burua eta marraztea izan zen ulertzen ez nuen hori adierazteko modua". Eltzaburuko ilustratzaileak ez du gehiegi kontatu nahi irakurleari interpretaziorako bideak zabalik uzteko. Gogoeta grafiko ausart, sentikor eta beharrezkoa da. Pentsamenduen eta emozioen ezin ulertuaz askatzeko irtenbidea.