Gaur hasiko da Errenta eta Ondarearen aitorpen kanpaina

Euskalerria Irratia 2018ko api. 9a, 12:36

Herritarrek ekainaren 22ra arte izanen dute aukera 2017an izandako errentaren eta ondarearen aitorpena egin ahal izateko. 

Bihar hasiko da Errenta eta Ondarearen gaineako kanpaina. Herritarrek ekainaren 22ra arte izanen dute aukera 2017an izandako errentaren eta ondarearen aitorpena egin ahal izateko.

Bihar hasi nahi dutenek, aukera internet bidez izanen dute. Horretarako, Gobernuko web orrian Ogasunaren atalean dago aukera aitorpena egiteko. Eta interneteko atari berria ere sortu dute aurten: zuriesker.info izena du eta xehetasun eta erraztasunez beterik dagoela nabarmendu dute Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak eta Luis Esain zuzendariak. Internet bidez egin ziren iaz aitorpenen %17.

Ostiraletik aurrera eska daiteke txanda bertatik-bertara errentaren edo ondarearen aitorpena Ogasuneko edo entitateetako leihatiletan egin ahal izateko eta apirilaren 17tik aurrera hasiko dira harrera egiten. Bulego horietan 20.000 herritarri atenditzea espero dute.

Esan beharra dago gainera, deklarazioa egin behar dutenen artean %56k egina jasoko dutela etxean. Gehienek, %64k itzultzera izanen dute aitorpena, alegia, dirua itzuli eginen zaie. 63,4 milioi euro dira itzuliko direnak, 47 milioi herritarrek ordaindu beharko dituztenak.

Zuk egiten duzu posible, izenarekin, aurtengo Errenta eta Ondarearen gaineko kanpaina hasiko da bihar. "Progresiboa da errentaren gaineko zerga. 2015etik hona gero eta gehiago", horixe nabarmendu du Aranburuk. Ondareari dagokionez, 2014an 850.000 euroko ondarea zutenek ordaintzen zuten gehien, eta hori, jaitsi da azken urteotan. Une hauetan, 550.000 euroan edo gehiagoan baloratutako ondarea dutenak dira gehien ordaintzen dutenak.

Hala,  bihar hasiko da kanpaina eta diru itzulketak jasotzen hasiko dira heldu den astetik aurrera eta ordaintzera ateratzen zaienei uztailaren 3an eta azaroaren 20an pasako diete. Internet bidez egin nahi dutenek, inoiz baino errazago izanen dute: ogasuneko webgunearen bidez edota zuriesker.info atarian. 

Urteroko zalantzetako bat izaten da %0,7a nora bideratu. Bada aurten ere lau aukera: Eliza katolikoari bideratu; Gizarte Gaietara bideratu; Bi horiek markatu edota deus markatu gabe utzi eta Nafarroako aurrekontu orokorretara bideratu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!