Hemen bizi zen Ildefonso Zalabardo Lopez, Valcalderan eraila, 1936ko abuztuaren 23an. Hori dio Iruñeko San Nicolas kaleko bigarren zenbakiko lurretik erauzi duten plakak. Kale berean zeuden Geronimo Julian Ruiz Lara eta Cesar Burguete oroitzekoak, eta denak kendu dituzte. Gertatutako salatu du Nafarroako Fusilatuen Familien elkarteak, eta esan, "susmoak" dauzkala. Oroigarriak kendu dituen horri dei egin diote, bueltatu ditzan, eta, bestela, argi utzi dute salaketa jarriko dutela.
Ostiralean, 1936ko kolpeak eraildako 11 lagunen omenezko xaflak jarri zituen lurrean, eta, hain justu, horietako hiru dira desagertu direnak. Elkartetik esan dutenez, "ongi itsatsita" geratu ziren eta mailua eta zintzelarekin baino ezin dira kendu.
Alemaniatik ekarritako eredua
Stolpersteine proiektua Gunter Demnig artista alemaniarrak sortu zuen, faxistek eraildakoak omentzeko. Helburua: jendeak dirdira egiten zuen zerbait lurrean ikustean makurtzea eta keinu hori eraildakoak omentzeko unea izan dadin.