Hiru talde ariko dira larunbatean Lekunberrin jokatuko den Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren laugarren edizioko finalean: Baztan-Malerrekako Addams familia, Lesakako Unibertsolariak eta Leitzako Aldatzea komeni. Saioa 17:30ean izango da herriko Toki-Alai sagardotegian eta dagoeneko finalerako sarrera guztiak saldu dira. Finalaren ostean, afaria egingo da sagardotegian bertan.
Hiru talde dira finalerako txartela lortu dutenak: Baztan-Malerrekako Addams familia, Lesakako Unibertsolariak eta Leitzako Aldatzea komeni. Talde horietako bertsolariak dira oholtzara igoko direnak eta haien artean txandaka egingo dituzte finaleko lan guztiak. Era berean, hiru taldeetako aurkezleen artean bideratuko dute saioa. Eta Bardoetan ohikoa denez, beste taldeetako kideek zein entzuleek izango dute saioa epaitzeko ardura.
Finala Lekunberriko Toki-Alai sagardotegian jokatuko da, 17:30etatik aurrera. Dagoeneko finalerako sarrera guztiak saldu egin dira, hortaz larunbatean ez da leihatila zabalduko. Finala amaituta, triki poteoa abiatuko da Lekunberrin barna eta eguna amaitzeko Bardoen afaria egingo da, sagardotegian bertan.
Aurtengoa Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren laugarren edizioa da. 2012an egin zen lehena, orduan Lesakako "Rimak exkaxko" taldeak irabazi zuen Leitzan jokatu zen finala. 2014an finala Lesakan jokatu zen eta Baztango Lepanatuek 2 taldeak irabazi zuen. Azkenik, orain dela bi urteko edizioan Etxarri Aranatzen jokatu zen azken saioa eta Leitzako Atekaberts taldea atera zen garaile.