Nafarroak pentsioak kudeatzeko eskumena izan dezala eskatu dute Geroa Baik eta EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 19a, 13:59

Argazkia: Pentsioen %0'25eko igoeraren kontra larunbatean egindako manifestazioa. /AhotsaInfo

PP ez beste alderdi guztiek positiboki baloratu dituzte pentsio duinen aldeko mobilizazioak. Popularrek "errespetua" eskatu dute kalera atera zirenentzat eta alderdia "lanen" ari dela adierazi.

Nafarroak pentsioak kudeatzeko eskumena izan dezan exijitu dute Geroa Baik eta EH Bilduk, asteburuko manifestazio jendetsuen ostean.

Nafarroak kudeaketaz badakiela azpimarratu du Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak eta horren adibidetzat hartu du erreforma fiskala, haren ustetan, "elkartasun fiskala" ere badena. Hala, Nafarroak pentsioak osatzeko egindako urratsak hartu ditu hizpide. Testuinguru honetan, aldarri argia: Nafarroak pentsioak kudeatzeko eskumena izan dezala."Nafarroako pentsionistak hobeki leudeke, eskumena bagenu", esan du Koldo Martinezek. 

0'25eko igoera "onartezina" da EH Bilduren aburuz. Horregatik, burujabetzaren alde egin du koalizioak. "Nafarroa gai izan da hezkuntza, osasun eta ogasun sistema kudeatzeko, zergatik ez da gai izanen pentsioak kudeatzeko?". Galdera airean utzi du parlamentariak. 

Laukoa osatzen dutenen gainontzekoek ere mobilizazioak izan dituzte hizpide. Ahal Duguk adierazi du "pentsioak igotzearen kontra" egon direnak ere manifestazioan izan zirela, UPNri erreferentzia eginez, eta hori jarrera aldaketa baten seinale izan daitekeela; baina, nolanahi ere, "deigarria" dela. Ezkerrak ere mobilizazioak laudatu ditu eta "bai PSOEren baita PPren erreformak" berraztertu behar direla. 

PP ez beste denak, mobilizazioekin

Oposizioko aldedien artean, gehiengoak pentsaio altuagoen aldeko aldarria babestu du. PSNk pentsioak Kontsumo Prezio Indizearen arabera igo beharko liratekeela aipatu du. Maria Chiviteren (PSN) aburuz, igoera "xuhur" hori ezin da baimendu.

UPNk, aldiz, esan du "zenbait neurri" krisi ekonomiaren garaian hartutakoak direla, baina "hazkunde ekonomikoa agerikoa" dela, eta, beraz, pentsioei buruz ere solas egiteko unea dela.

PPri dagokionez, ez ditu mobilizazioak goraipatu, baina “errespetua” eskatu du kalera atera ziren horientzat, eta Espainiako Gobernu Zentrala pentsioen igoera posible ote litzatekeen aztertzen ari dela esan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!