Ekainaren 23an izanen dute irakasleek Lan Eskaintza Publikoko azterketa

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 15a, 08:12

Maria Solana Hezkuntza Kontseilaria. Arg: eitb.eus

Bigarren Hezkuntzako irakasleek eta Lanbide Heziketakoek administrazioan postu bat lortzeko aukera izanen dute. Azterketa ekainaren 23an izanen dela baieztatu du Maria Solana hezkuntza kontseilariak. 

Hezkuntzako Mahai Sektorialean jakinarazi duela esan du Maria Solana kontseilariak: ekainaren 23an egin beharko dituzte Bigarren Hezkuntzako irakasleek eta Lanbide Heziketakoek azterketak. Beste erkidego askok ere egun horretan izanen dituzte probak. Nafarroan, euskarazko eta gaztelaniazko probak bereiziak eginen dituzte. Egun berean baina momentu desberdinetan izanen dira euskarazko eta gaztelaniazko azterketak. Biak berdinak baina hizkuntzaren aldaerarekin. Hala ziurtatu du kontseilariak. Deialdi ofiziala aste honetan bertan pubkliko egitea espero du Solanak. 

Guztira, 211 plaza deituko dira:

- 184 Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan.

- 27 Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan.

Eskariak aurkezteko epea 20 egunetako izango da, deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasita; hau da, ostiral honetatik, martxoak 16, apirilaren 4ra bitartean, biak barne.

Deialdian zehaztuko dira, era berean, hautagai bakoitzaren betekizunak eta aurkeztu beharko duen dokumentazioaren gaineko zehaztasunak.

Programazio didaktikoaren aurkezpena

Oposizio aldia 2018ko maiatzaren 15ean hasiko da. Aurkezpen ekitaldi hori aldez aurretik iragarriko da eta hautagaiak pertsonalki aurkeztu beharko dira; ez da ordezkorik onartuko. Ekitaldi horretan aurkeztu beharko dute programazio didaktikoa. Ekitaldira agertzen ez direnak, edo programazio didaktikoa aurkezten ez dutenak, hautagaitza prozesutik kanpo geratuko dira.

Oposizioaren lehenengo frogari dagokionez, deialdian bertan jasotzen denez, 2018ko ekainaren 23an hasiko da eta, frogen antolaketa planifikatzeko orduan, epaimahaiei dagokie aintzat hartzea euskarazko eta gaztelerazko frogek bat ez egitea, inork bietara aurkeztu nahiko balu.

Funtzio publikora sarbidea arautzen duen abenduaren 27ko 17/2017 Foru Legea indarrean sartu zenetik Hezkuntzak egiten duen irakasleen lehenengo oposizio deialdia da hau. Foru Lege horren berritasunik nagusiena da, eta horrela jaso da deialdian, hautagaiek frogak egin beharko dituztela hizkuntza-espezialitateari dagokion hizkuntzan, edo espezialitatea irakatsiko den hizkuntzan (euskaraz ala gaztelaniaz).

Era berean, deialdiak jaso egiten ditu prozedura hauek arautzen dituen 276/2007 Errege Dekretuak, otsailaren 23koak, izan dituen aldaketak. Aipatutako Errege Dekretua orain dela aste batzuk aldatu zuten (BOEn argitaratu zen otsailaren 24an) eta Departamentuak aurretik iragarri zuen ez zuela lan-eskaintza publikoaren deialdia argitaratuko harik eta aldaketa hori gauzatu arte, lan eskaintza publikora aurkeztuko diren pertsonen segurtasun juridikoa bermatu ahal izateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!