Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek eta Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutiak sinatu dute hiru urterako elkarlan hitzarmena, gaur goizean, foru legebiltzarraren egoitzan.
Xedea euskarazko terminologia parlamentario komuna zehazteko lanean sakontzea da. Helburu horrekin berarekin, 2015ean sinatu zuten lehen hitzarmena bi erakundeek. Hitzarmen horren karietara, “Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Orokorrekin egindako lan handi bezain zorrotzari esker, ganberotan erabiltzen duten lexiko guztia biltzen duen hiztegi juridiko interesgarria lortu zen”, Aznarezek azaldu duenez.
Urrutiak azaldu duenez, hitzarmen berriaren xedea da “egindako, argitaraturiko eta euskararen lurraldean euskara hizkuntza ofizial moduan darabilten ganbera guztien eskura jarritako lan horretan sakontzea, lortu ahal izateko terminologia parlamentarioa guztientzat komuna izatea”.
Hitzarmenak, halaber, bidea zabaltzen du Nafarroako Parlamentuak euskaraz sortzen dituen testu guztiak Euskaltzaindiaren esku utzi ditzan.