D eredua hautatu duten familiak omenduko ditu Sortzenek Erriberrin

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 14a, 08:18

Argazkia: Erriberrin eginen du 'Besarkatu' eguna Sortzenek.

"Zonalde diskriminatuan" egonagatik, "orain arte D eredua aukeratu ezin izan duten familiak" zorionduko dituzte, "euskara eta eskarazko murgiltze-ereduari besarkada bat emateko", apirilaren 15ean.

Kaparroson, Tafallan eta Lodosan txertatu zuten D eredua, iaz; aurten, Antzingo, Alloko eta Erriberriko eskoletan; datorren ikasturtean, Barasoaingo eta Azkoiengo zentroetan. "Nafarroako zonalde diskriminatuan" zabaltzen ari da euskarazko eredua, "Nafarroako Hezkuntza Sistemak duen eredurik osoena; elkarbizitzarako eredua", Sortzen elkartean aburuz. Horregatik, "orain arte D eredua aukeratu ezin izan zuten familiekin batera", 'Besarkatu' ekimena eginen du Erriberrin, apirilaren 15ean, igandearekin; egun osoko jaia izanen da. Helburua: "euskara eta euskarazko murgiltze-ereduari besarkada bat ematea".

Hala, "berotasuna" azaldu nahi diete familiei, "kasu askotan euskararen kontrako aurreiritziei aurre egin behar izan diete-eta". Horrez gainera, zoriondu nahi izan dituzte, "urte luzez debekatua izan zaigun Nafarroako hizkuntza berreskuratu eta ate berriak irekitzeagatik".

Besta giroko besarkada

Jai girokoa izanen da 'Besarkatu'; ekitaldi nagusia 13:00etan ospatuko dute, Erriberriko Teobaldotarren plazan. Sortzenek gogorarazi du iaz 40 udalerri baino gehiagok lortu zutela "eremu-ez euskaldunetik" atera eta "eremu mistora" pasatzea. "Vascuencearen Lege diskriminatzaileak ezartzen duen zonifikazioaren paretean zirrikitu berri gisa baloratu genuen bere garaian. Eta horrela irudikatuko dugu apirilaren 15ean, herria eta eskola, euskarari bidea ematen, Nafarroa osoan, mugarik gabe".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!