Prentsa ohar baten bidez, Izquierda-Ezkerra “erabat desados” azaldu da, “Nafarroa euskal Y-rekin trenez lotzeko aukerei buruz Estatuak egindako azterketa informatiboari Nafarroako gobernuak aurkeztu dizkion alegazioekin”.
Ezkerrak salatu duenez, alegazioon bidez “makillaje pixka batekin bada ere, Nafarroako Gobernua garestiena den eta ingurumenari kalte gehien eragiten dion aukeraren defendatzaile bihurtzen da”. Nolanahi ere, “makillaje arina da”; izan ere, “Aralarko mendizerran 21 kilometroko tunelaren ordez 19koa proposatzen du”.
Ezkerrak dioenez, “hori guztia justifikatzen dute behin lotura eginda trenbideak edukiko lukeen kapazitateari buruzko ‘zalantza’ batekin”. Haatik, “interes orokorraren ikuspegitik nekez justifika daiteke hori”, eta “onura jasoko luketen interes bakarrak enpresa eraikitzaileenak izanen lirateke, herri lanaren aurrekontua 1.300 milioi handituko bailitzateke”.
Ezkerraren aburuz, “tamalgarria da Espainiako Gobernuak uko egitea ingurumenari dagokionez zein ekonomikoki bideraagarriak diren alternatibak baloratzeari eta horiei buruz eztabaidatzeari, eta Estatu osoan porrot egin duen eta galera ekonomiko handiak eragin dituen bere AHT eredua inposatzea”, baina “halaber oso larria da eta onartezina Nafarroako Gobernuak inposizio horrekin bat egitea, modu akritikoan”.