Hezkuntza, kontsumoa, lan produktiboa eta zaintza. Horiek dira greba feministaren lau ardatzak, hala emakumeek* planto egitea dute xede, "24 orduz", Nafarroako martxoaren 8ko koordinakundeak adierazi duenez.
Lan produktiboari dagokionez, lau orduko bi lanuzte egitera deitu du Koordinakundeak, hainbat sindikaturen babesarekin -ELA, LAB, Steilas, ESK e Hiru-: goizez, 11:00etatik, 15:00etara eta, arratsaldez, 18:00etatik 22:00etara. Bestalde, CGTk eta CNTk 24 orduko grebarako deialdia zabaldu dute. Denek, emakumeei zuzendu diete deialdia. CCOOk eta UGTk, aldiz, bi orduko lanuztea eginen dute txanda bakoitzeko; gizonen eta emakumeen greba nahi dute, nahiz eta mugimendu feministak emakumeentzako deialdia egin.
Ardatzak, arloz arlo
Amaia Zufia koordinakundeko kideak azaldu zertan den greba: "Enpleguaren ardatzean salatuko dugu lan merkatuan emakumeok dugun prekarizazio bortitza, gure lan baldintzak askoz ere kaxkarragoak direla: soldata baxuagoak, behin-behinekotasutasuna… Bestetik, gure lanaldiak bikoitzak eta hirukoitzak direla garbi utziko dugu: gizonak eta estatuak zaintza lanak egiten ez dituztelako, ez dituztelako ardura horiek hartzen".
Zaintzari ere arreta eman diote. "Planto eginda, gure bizitzetan zaintzak duen balioa ikusarazi nahi dugu, eta horren ardura denon artean partekatzeko aldarria egin", adierazi du Maddi Lasak Koordinakundearen izenean. Amaia Zufiak ere, zaintzaren balioa izan du ardatz: "Emakumeeek zaintzen ez badute, ez badute garbitzen, ez badute janaria prestatzen, ez badute egiten afektibitateari loturikoa egiten… jendartea ez da sostengatzen, eta lan hori guztiz inbisibilizatuta dago".
Horrez gainera, kontsumo grebara ere deitu dute: "Eredu kapitalista eta heteropatriarkal honek kontsumitzen gaituelako: gure gorputzak objektu gisa saltzen ditu, emakumeak* esplotatzen ditu lan prekarioetan eta natura xahutzen du", esan du Lasak. Zufiak ildo beretik jo du: "Hor salatuko dugu publizitateak, sareek… objektu sexualtzat hartzen gaituztela, emakumeak kontsumituak izateko prest dauden objektuak balira bezala. Genero estereotipoak, gainera, pila bat erreproduzitzen dira komunikabide hegemonikoetan. Bestalde, saltoki handietan kontsumitzen ditugun produktu horiek guk merke kontsumitu ahal izateko, hegoaldeko herrialdeetan bi pezetaren truke sortzen dituzte emakumeek".
Eta, azkenik, hezkuntzan ere mira jarri dute. "Hezkuntzan ereiten da etorkizuneko jendartea, baina gure hezkuntza sisteman genero desberdintasuna eta rol heteronormatiboak errepikatu egiten dira", salatu du Lasak. "Hezkuntza zentroetan gure historia, gure genealogia, emakumeona ez da existitzen, ez gaude literatura liburuetan, ez gaude zientzia liburuetan… Horrez gain, askotan kristoren indarkeria bizi dugu emakumeok ikasgeletan, bai irakasle baita ikasle bezala ere", esan du Zufiak.