Martxoaren 8an greba feminista egiteko deialdia zabaldu du Nafarroako Koordinakundeak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 1a, 13:42

Argazkia: Babes zabala izan du martxoaren 8ko grebara deitzeko prentsaurrekoak.

Lau ildo izanen ditu emakumeei* zuzenduriko grebak: lan produktiboa, kontsumoa, hezkuntza eta zaintza. Manifestazio nagusia Gazteluko plazatik abiatuko da, 20:00etan.

Martxoaren 8an greba feminista eginen du Nafarroak ere, emakumeek lan-postu prekarioagoak dauzkatela, gutxiago kobratzen dutela eta "zaintza-lanekin lotura zuzena duten lantokietan" aritzen direla salatzeko. Nafarroako martxoaren 8ko Koordinakudeak iragarri zuen atzo.

Egunean bertan, lau orduko bi lan-uzte izanen dira, hainbat sindikatok deituta -11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara-, baina, dena dela, "egun osoko greba" da, lau ardatzetan banatu baitute: hezkuntza, kontsumoa, lan erreproduktiboa eta zaintza. Hala, jardun horietan guztietan emakumeek planto egitea dute xede, "24 orduz". 

"Planto eginda, gure bizitzetan zaintzak duen balioa ikusarazi nahi dugu, eta horren ardura denon artean partekatzeko aldarria egin", adierazi du Maddi Lasak Koordinakundearen izenean.

Horrez gainera, kontsumo grebara ere deitu dute: "Eredu kapitalista eta heteropatriarkal honek kontsumitzen gaituelako: gure gorputzak objektu gisa saltzen ditu, emakumeak* esplotatzen ditu lan prekarioetan eta natura xahutzen du".

Eta, azkenik, hezkuntzan ere mira jarri dute. "Hezkuntzan ereiten da etorkizuneko jendartea, baina gure hezkuntza sisteman genero desberdintasuna eta rol heteronormatiboak errepikatu egiten dira".

Egitarau zabala martxan

Iruñerriko egitaraua zein izanen den aurkeztu du Koordinakundeak: martxoaren 8a hasi bezain pronto, 00:00etan, eltze-jotzea egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Gero, goizean, auzoetan, tokian-tokiko ekimenak izanen dira. 12:00etan, elkarretaratze "koloretsu eta dinamikoa", Sarasate pasealekuan. Amaitzeko, 20:00etan, Gazteluko plazatik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!